SELEKTAH-KOLEKTIBOA
SARRERA
Selektah Kolektiboaren lehenengo diskoaren aitzakipean, elkarrizketa egin nion Zigor DZ-ari. Elkarrizketak tranpa pixka bat ere bazuen, azken finean, kolektiboko partaide nintzelako eta ez dkait nik kazetaritzaren estilo liburuetan oso ondo ikusia dagoen hori, baina tira. Garai hartan guztiz ezezagunak ginen eta ohiko komunikabideek ez zutenez gure proposamena bereziki bultzatuko (ondoren ere ez), gure burua ezagutarazteko beharra ikusten genuen :-)

SELEKTAH KOLEKTIBOA
Euskal Herriko muga musikalak apurtzen laguntzera dator Selektah Kolektiboa. Talde klasikoen eskemetatik at, autonomia osoz lan egiten duten pertsonaz osatua dago. Musika beltza gure herriko txoko guztietara zabaldu dadin, hip-hop-aren eskutik kaleratu berri dute lehen iraupen luzea.
INFO
Musika beltzaren inguruko erritmoak minoritarioak izan dira betidanik gure herrian. Hip-hop, reggae, dub, jungle, funk, soul...eta antzeko erritmoen jarraitzaileek ghettoak osatu izan dituzte betidanik, `jainkoak sortu eta beraiek elkartzen dira´ esaera zaharra egi bihurtuz. Kolektibo bezala duela gutxi osatu badira ere, denbora luzea da bere kabuz bakoitzak gauzak egiten dituela; beti ere aipatu musika estiloen inguruan. Bi urte beteko dira aurki lehen kontzertua elkarrekin eskeini zutela, Hernaniko San Juan jaiak ziren eta Molotoff Irrati Librearen txoznan izan zen apokalipsia. DZetak platoak bakean uzten ez zituen bitartean Daddy Jeff-ek izerdi pattalak bota behar izan zituen bere errimak bi metroko distantzian entzun zitezen. Erritmo baseak berriz...norbaitek nabaritu al zuen zurrumurro hura?
Garagardo asko igaro dira arrez geroztik eta gauza asko aldatu dira. Base berriak, ekipo hobeagoa eta Pasai Antxon, Zizurkil, Orion, Durango, Lasarte, Andoain, Zarautz, Azpeitia, Lekeitio, Deba, Altsasu, Bilbo, Ohiartzun, Berriz, Elorrio, Larrabetzu, Añorga, Gasteiz eta buruan dituzten neurona apurrak oroitzen ez dituzten beste hainbat lekuetan gozatutako festak ematen duten esperientzia lortu dute. Eta ezagututako jendea...hori bai aberatsa. Festaren lehen zatian hip-hop doinuak dira nagusi eta ondoren Hernaniko Aritz - Ghetto Sound System-ek dantza doinuak jartzen ditu, oso estilo desberdinak uztartuaz; ragga, funk, breakbeat, jungle, batucada, musika afrikarra eta baita house edota technoa ere. Aniztasunean omen dago aberastasuna.
Denborarekin jende gehiago elkartu da kolektibora eta orain Iruñeako Wanka eta Zizurkilgo MC Molte-k ere ahotsak sartzen dituzte kontzertuetan. Horretaz gain tarteka ere Black Jiko ( Hernanin bizi den Raul kubatarra) eta Bakero (Lasarte) gehitzen dira festara, bakoitzak bere berezitasunekin jaia borobilduaz.
.jpg)
Selektah-ren lehenengo diskoaren promo argazkietako bat. Arg: Galder.
Selektah Kolektibokoek beraz kontzertuak antolatzeko eredu berria eskeintzen dute. Festaren lehen zatian hip-hop jaialdia, DZeta platoetan eta eszenatokian tartekatzen diren abeslari edo MC desberdinekin eta hauen kontzertua amaituta festaren jarraipena dantza egiteko musika estilo anitzekin.
Antolaketa berriz ezin sinpleagoa. Euritik babesteko aterpea eta bi bafle + soinu etapa edo anplifikadorea. Ez dute gehiago behar. Gainantzeko ekipo guztia beraien kontu. Ez da behar ez kontzertu areto haundirik ezta soinu ekipo berezikik ere. Hori bai, ondo pasatzeko gogoa edukitzea eta dantza egiterakoan ditugun aurreiritziak burutik kentzea ezinbestekoa da.
Hauetako kontzertu-festa-sound sytem batean izan zuten kolektiboaren berri Esan Ozenkikoek eta ondorioa, orain gutxi aurkeztu berri duten Selektah-ren lehen diska.
BERBATAN
Zigor, Kolektiboko Dj eta biniloen `zigortzaile´ denarekin izan gara solasean. Hauxek berak esandakoak:
E!: Nola sortu zitzaizuen diska grabatzeko aukera?
Z: Andoaingo gaztetxean Ferrmin Muguruzarekin batera kontzertua eskeini genuenean grabatuta geneukan maketa Esan Ozenkikoen esku jarri ondoren diska kaleratzeko proposamena egin ziguten. Nahiko azkar joan da dena; egia esan, ez daramagu denbora gehiegi ( bi urte eskax ) mobida honekin eta lehenengo aldia zen estudio batean sartzen ginela. Hori nabaritu da diskan eta denbora gehiago izan bagenu emaitza desberdina izango zen. Ala ere, ezin genion aukera honi muzin egin eta aprobetxatu beharra zegoen. Oso esperientzia ona izan da eta asko ikasi dugu.
E!: Kontaiguzu nola joan da grabazioa.
Z: Diska, Biarritzeko Laguna estudioetan grabatu dugu eta Xabi Pery izan da teknikaria. Berak egin ditu ekoizpen lanak eta hori ere azken emaitzean asko nabaritu da. Arreglo batzuk sartu ditu eta base batzuk moldatu ere. Gure base guztiak Daddy Jeff eta Wankak egin dituzte eta bakoitzak bere ordenadorean egin dituenez lehenengo lana soinua bateratzea izan zen. Behin hori lortuta ahotsak grabatu genituen eta horretarako lagun askoren laguntza izan dugu. Force II Frapp taldeko kideekin batera egindako kantuarekin adibidez oso gustora geratu gara. Hau izan zen grabazioaren zati politena. Azkenik masterizazio eta nahasketak Xaby-ren esku geratu dira.

Diskoaren kontrazala.
E!: Nahiz eta oraindik goiz den, zer nolako harrera izatea espero duzue?
Z: Beno, ez dakit. Euskal Herrian hip-hop musikaren kultura ez dago oraindik oso errotua eta jende gehienarentzat zerbait gustiz berria da hau. Ez soilik diskan entzun daitekeen musikagaitik baita festak antolatzeko eragatik ere. Ala ere, jendearen aldetik harrera ona izatea espero dugu nahiz eta salmenta aldetik arrakasta gehiegirik lortuko ez duela jakin.
E!: Eta aurrera begira zeintzuk dira zuen asmoak?
Z: Oraingoz diska bultzatu eta festak antolatzen jarraitu nahi dugu. Oso ondo pasatzen dugulako eta gure gustoko musika txoko guztietara zabaltzeko bidea ona delako.
ARITZ SOUND SYSTEM